id
int64
1
702
question
stringlengths
0
1.68k
answer
stringlengths
47
2.04k
501
Jakin nahiko genuke noiz inaustea komeni den kiwiak. Bizkaiko kostealdean bizi gara eta iaz martxo bueltan egin genituen eta nahiko denboran egon ziren "negarrez".
Berez emeak martxoko ilbeheran eta arrak loratu ondoren egin beharreko lana da. Negarrarena ez da harritzekoa, ezta arduratzekoa ere. Hala ere uste baduzu toki gozoan bizi direla eta azkar mugitzen dutela izerdi berria, otsaileko ilbeherara aurreratu.
502
Kaixo Jakoba Amabirjin sagarrondo bat erosi berri dut. 2,5metro luze da eta zabaleran oso fina. Landatzerakoan, pixka bat moztea komeni da edo luzera horrekin landatuta ere berdin du? Eta moztea komeni bada, nola egin beharko nuke? Aldez aurretik eskerrik asko
Etorkizunean sagarrondo hori nola haztea nahi duzunaren arabera hartu behar da erabaki hori. Eta amabirjin sagar hori zein mentuoinaren gainean txertatua dagoenaren arabera, hark aginduko baitu gerora zein tamaina izango duen. Orokorrean, erdiko ardatza deitzen den eran, sagarrondoa bera datorren forma horrekin utzi behar da, izan ere enbor luze hori da ardatza. Irekitzea nahi baduzu ardatza moztu eta alboetara sortu eta haziko diren adarrak izango dira arbolaren egitura. Nik ez nuke moztuko eta utzi ardatz hori. Beste gauza bat da alboetara sortuko zaizkion adarrekin zer egin. Ni sagarrondo handien zalea naiz eta azpiko adarra gutxienez metro eta ardira behar du, eta ahal bada gorago. Gero sagarra ematen hasten denean makurtuko da bai. Berez ekarri duen fintasun hori beste sagarrondo batzuengandik oso hurbil egoteagatik izango da. Muintegian hori gertatzen da. Orain nahikoa toki eman eta ikusiko duzu nola zabaltzeko joera hartzen duen.
503
Kaixo Jakoba, Jaso zenuen nire aurreko galdera? Baratza berri batek behar lituzkeen geruzak ezberdiñaz galdetzen nizun Jon
Eskabazio hori ikusi behar da. Igerileku bat bezala lau aldeetatik eskabatutako horma aldu? Horrela bada igerileku bat bezala beteko da urez, nahiz eta lurrarekin egon. Maila freatikoa beherako egonagatik agian zaila du urak alde egitea, hormako lurraren egituragatik. Arrazoi duzu hezetasunarekin kezkatuta egonda. Isuri atlantiarreko lurreldeetako arazo nagusia da. Beraz eskabatutako gune hori imaginatu igerileku bat dela eta behe-behetik drenaia zulo bat prestatu. Hala ere harriarena eta geotextilarena bai ala bai jarriko nuke.
504
Gabon, Jakoba: Lehen ez bezala, jendeak jatekoak diren kuia barietate desberdinak ari dira gure merkatuetara iristen; baratzeetara ere bai, segur aski. Horietako batzuk beren izenarekin etorri dira, eta ez dakigu euskaldunen batek euskaratik ere bataitatu ote dituen. Konparazio batera, Cucurbita maxima diren frantsesezko Potimarron (Bizi baratzean, izen horrexekin ikusi dugu), Giraumon eta Potiron; edo Cucurbita pepo diren Citrouille (Bizi baratzean, hau bai: Kuia erraldoia irakurri dizugu) eta Pâtisson. Mila esker!
Bizi Baratzean bertan aipatzen dut kuia luzea (Cucurbita moschata) ere. Edankuia ere hor dago, gure etxean kurkubia deitzen duguna, Lagenaria siceraria. Garai batean edariak eramateko erabiltzen zen, eta bereziki pregrinoaren imaginari lotua dugu egun. Izango dira dagoenerako han eta hemen ezarritako izenak, baina nik ez ditut eskuera.
505
Egun on Jakoba. Azaroko beherapenean udaberrirako lorea ematen duten bulboak erain nituen eta orain landarea ernetzen ari dela ohartu naiz ez direla Idibihotzak beste lore bat baizik. Bajeran hazi zaharrak ordenatzen ari naizela hor ikusten ditu iaztik bildutako Idibihotz bulboak. Heldu den asteko beherapenean bulboak ereinez gero lorea emanen al dute? Edo hurrego urtearte esperatuko dut?
Berandu zabiltzanez, izan ere urri-azaroko lana da eta ez urtarrilekoa, ahal duzun azkarren landatu. Ilargiari begiratu gabe, oso da eta berandu. Bestalde horrelako erraboilak edo tuberkuloak hobeda gorapenean landatzea beherapenean baino, ilgoran alegia, eta ez ilbeheran.
506
Ze garaietan moztu behar da otea jakoba galtzeko??eskerrik asko
Otea moztu eta ahalik eta kalte handiena egiteko izerdi betean dagoela eta ilgorna egitea komeni da. Ekainekoa, maiatzekoa eta uztaioekoa dira otearentzako txarrenak. Onena, moztu ondoren botako duen kimu berriak mozten jarraitzea da, beti ere ilgoran.
507
Kaixo Jakoba. Lursail txiki bat dugu eta lurra oso buztintsua da. KARE HILA erabili nahi dugu lurra harrotzeko. Lehen aldia da eta ez dakigu nola erabili: - Osasun edo segurtasun aldetik zein neurri izan behar da kontuan? Betaurrekoak, eskularruak etab. erabiltzea derrigorrezkoa da? Arrisku handiak ditu kareak? - Lursail zati batean badugu landatutakorik, bestea ordea, belarrez josita dago. Kareak landatutakoari kalterik egingo dio? Bestalde belarra soilik dagoen lekuan, lehenbizi, lurra prestatzea komeni da? (belar txarrak kentzea, lurra berdintzea…) Eskerrik asko.
Kare hilak ez du, ezta gutxiagorik ere, kare biziak adina arrisku. Beti ere haizerik ez dabilenean zabaldu; eskularruak eta betaurrekoan ez daude soberan, jantzita hobe. Arriskuak ditu kare biziak, hezean dagoen edozer erretzeko gaitasuna baitu (eskua, azala, begia...) Landatutakoaren tartean zabaldu. Zaila bada, utzi lasai, eta uzta jasotakoan, hurrengo landareak jarri aurretik orduan karetu. Belarra nahi baduzu moztu eta bertan utzi eta gainean karea eman, deseginten lagunduko du. Bestela lurra prestatzean.
508
Puri naiz, eta arretaz entzuten saiatzen naiz zure "landaberri saioa" Eskura dut baita ere, zure liburu eder  "bizi baratzea" Gure etxe ondoko baratzean gogoz saiatzen gara etxerako behar dugun guztia lantzen, baina  azken urteetan, patata ederra bai baina, barnean dena hari-harrak hartu du urtetik urte gehiagora eginez. Zure liburuan aipatzen duzu lurra denboraz landu behar dela horri aurre egiteko. Zer esan nahi duzu zehazki? zer egin beharko nuke gaitz horren aurka? Mila esker aldez aurretik. Puri eta familia
Lurra aurrez lantzeak arrautzak eta har txiki jaio berriak aireratzea dakar. Lehorrari eta eguzkiari beldur diote, hil egiten dituzte. Beraz, patata egin aurretik lurra landu, harrotu eta utzi. Denbora badago, bi alditan ere harrotu dezakezu. Kareak ere atzeratzen ditu. Lurra harrotutakoan karea zabaldu. Erasoa handia bada, onena urtebetean edo bitan patatarik egin gabe uztea dela uste dut. Lur horretan beste zerbait egin edo belarrari hazten utzi. Belarra moztuz harra atzeratu egiten da.
509
Baratzea ongarritzeko eskura dudan simaurra astoarena da. Zati batzuk guztiz deseginda daude, beste batzuk, aldiz, puxtarriak bezalakoak dira. Simaurra zuzenean taulenetan jartzen dut. Rotabatorra pasatzerakoan, aurreko denboraldiko simaur-puxtarriak agertzen dira desegin gabe. <br /> Nire zalantza hauxe da. Lurrean simaur-puxtarriak agertzea ondo dago, ala hobe da simaur desegina bakarrik erabiltzea? <br /> Eskerrik asko!
Astoaren simaurra, behorrarena bezala, asko luartu edo desegin gabe erantsi dakioke lurrari. Astoak jan duenaren araberakoa izango da gorotzetan utziko dituen pustilen egitura. Zuntz asko eta nitrogenoa tamainan, jeneralean. Zuntzaren gogortasunak ekar dezake zeuk ikusi duzuna, lurpean erabat ez desegitea, alegia. Ez arduratu. Daukazunetik eman, desegindakoak bezala osorik dauden pustilak.
510
Lizarratik gertu dugun etxeko lur zoruan, sagar, udare, intxaur, urra, almendra zuhaitzak ditugu. Datorren otsailean kimatzeko asmoa ditugu? Egokia da ilabetea? eta Zure ustez hobe litzateke ilgoran ala ilbeheran egitea? Eskerrak aldez aurretik! Duela bi urteko argazkia bidaltzen dizut! laguntzaile eta guzti! Orain arte bete otsailan eta ilgoran egiten saiatu izan gara!
Inausketa egiteko izerdia mugitzera doan sasoia aukeratu behar da. Aipatu dituzun horien artean arbendolondoa edo elmendrondoa da goizen mugituko den. Hori bai otsailean inausi. Baina sagarrondoa, udareondoa, intxaurrondoa eta hurritza lasai asko utzi ditzakezu martxorako ere. Hori bai, bai otsailekoak eta bai martxoko inausketa lan horiek ilbeheran egitea hobe da.
511
25 edo 30 bat errezil sagar zeuzkeau, urtek e hor inguru 25 edo 30 urte eta ia sagarrik ez die ematen. Zer egitea zeok denak bota aurretik?? sagarrondo horik ez dituk nik sartutakok, mentu-oina zein duten ideaik etzeukeat toki ezin hobean bizi dituk, eguteran , len soroa izandako lurrean ongarritu behar aundik dauketenik etzetak iruitzen, inausi orain de la lau bat urte arte batez..( denak itxi- itxi einda eon dituk, etzeoan barrua sartzeik.) lau urtetik onea pare bat aldiz....
Informazio horrekin nire ustez arazoa izan daiteke: - Arbolak itota egotea, elkarrengandik juntuegi, hazteko tarterik gabe, gora hazi sasi handi bat bezala eginez. Honek adierazten du lurpean ere gauza bera gertatzen ari dela, zabalera, lur onera jotzeko tokirik ez eta sustraiak beheruntz haztea beste aukerarik ez izatea. - Ongarriketa eskasia. Ongarri asko behar du sagastiak, asko! Bi urtez behon ematea egokia da, baina erruz eman: simaurra, luarra edo konposta, txitxare-lurra... Buztin lurra bada kaera eman. Zeuk aipatzen duzun polinizazio arazoa ere izan daiteke, baina polinizazioa zuzenduta ere, beste bi baldintza horiek ere hobera egin behar dute.
512
aupa arkazi piketeak egiteko noiz egin behar da ilgoran ala ilbeheran?
Sasiakazia egur gogorrak eta busti-lehorrean iraupen luzea dutenak egiteko erabiltzen da. Horien adibide garbia dira piketeak edo hesolak. Nire iritziz negu-neguko ilbeheran moztu behar da. Jende askok, hala ere, ilgoran mozteko zuhaitza dela diote. Zer iruditzen zaizu zerorrrek saioa egiten badezu? Moztu batzuk ilgoran eta beste batzuk ilbeheran, Hori bai, negu neguan.
513
Ze ilargitan landatu behar da tipula? Eta illarra eta baba handia?? Mila esker aldez aurretik
Tipularen landaketa ilbeheran egitea komeni da. Orain, udazkenean jartzen diren tipulak, udaberrian eta uda hasieran tipulun edo tipula fresko ebzala jatzen dira. Urte guztirako tipula izan nahi baduzu otsailean edo martxoan landatu. Ilarra eta baba handia ilgoran ereiten dira.
514
Kiwi landarek zenbateko bizia izaten ote dute?
Ez dakit eta ez dut informazio nahiko zabalik jaso urte kopuru zehatz bat esateko. Euskal Herrian landatu ziren lehen kiwi landarean berrogei bat urte bizi izan ziren, eta ez ziren kendu hil zirelako... Beraz berrogeitik gora esaten baduzu ez zara oker ibiliko.
515
Ilarra ereiteko sasoia izanik, zalantza dut zein ilar- klase egin: landare handia emango duena edo txikia emango duena. Klase txikikoa aukeratuz gero lan gutxiago izango dut, arbatu gabe hazi daitezkeelako. Zein da 2 ilar-mota horien arteko aldea? Eskerrik asko, ondo bizi
Ilar motza eta ilar luzearen arteko aldea hiru aiekatan laburbildu daiteke: 1.- Arbatzea, bakoitzak bere garaierako arba beharko dute, baina biek behar dute, motzak ere bai. 2.- Denbora, hazten denbora gehiago beharko du luzeak, beraz geroago loratuko da eta fruituak berandugo emango ditu. 3.- Uzta, luzeak lur sail berdinean uzta handiagoa emango du, leka gehiago alegia.
516
Kaixo Jakuba. Zuhaitz hau, eztakit goxatua ez ote dagoen. Akaso negun Bide normala eramango du, eh?! Baino, iruitzen zait, gaixotzen hari ote dan... Eskerrikasko
Nire iritziz pago landare gazte horren itxura erabat normala da. Agian ur falta pixka bat izan du udaren amaieran eta horregatik hostoen ertzak uste baino lehenago gorritu dira, baina normala da. Ea udaberri berriari nole ekiten dion. Orduan ikusiko da bere indarra.
517
Lursail malkartsua bat dugu Berastegin, 433 m-ko altueran. Dagoneko, intxaurrondo handi bat dugu hantxe, eta, ez oso urrun, gaztainondo pare bat eta urkia. Beraz, hiru zuhaitz hauek landatu nahiko genituzke: - gereziondoa - udareondoa - kiwi arbola Hori dela eta, jakin nahi genuke zuhaitz horiek egokiak diren han landatzeko edo zer beste aukera leudekeen. Gainera, noiz den garai egokia ere jakin nahiko genuke. Mila esker!
Hiru zuhaitz horiek egokiak dira Berastegirako. Han hotza da landareak bizitzeko muga, eta hiru horiek ederki iraungo dute hotzagatik. Landaketa egiteko sasoia orain hasi eta otsailaren amaiera artekoa da. Izotz egunetan ez landatu, bestela noiznahi. Zer beste aukera landatzeko? Aukera izugarria da zuek erabaki behar duzutena da zein helburu dezuten: fruituak, su egurra, zura, itzala... Hori jakinda aukera laburtuko da, eta zerbait zehazten hasi gintezke.
518
Nahi nuke jakin kiwiak jasotzeko azaroko lenengo ilberako fruitu egunak hau da 1,2,eta 3 a la bukaerako ilberako 28, 29 eta 30 zein izango litzake onena edo erdi ta erdi. Ezkerrikasko
Izotzaren beldurrik ez baduzu, hobe fruitua arbolean edukitzea. Zeuk erabaki, kiwi horiek non bizi direnaren arabera. Arriskua ikusten baduzu bildu.
519
Larrosa oso altua dugu eta igokaria kiribilduta du. Hauxe dira gure galderak: 1-Noiz kimatu behar da larrosa? 2-Landare igokariak kalte egiten al dio? Eskertuko genuke zure erantzuna.
Arrosondoa kimatzeko sasoi egokiena izerdi berriaren hasiera da. Hurrengo urteko otsaila edo martxoa, kimuak puzten hasi zaizkiola jabetu ordurako kimatu. Bitartean adarren batek enbarazu egiten badu orain ere moztu daiteke. Igokaria, ezkertea da eta bai, kalte egiten dio, argia kendu adibidez. Noski hobe da ahalik eta azkarren kentzea.
520
Kaixo Jakoba: galtzen ari zitzaizkigun azelga haietaz galde egin genizun irailean, eta ur falta ote zen galdetzen zenuen edo zomorroren bat sustraiak jaten ari ote zen; bada, eguraldi bero haiekin, ureztaketan aritu ginen sarri eta ez zuten ur faltarik eta sustraien hortaz oroituta, hori begiratzeko, zainetik atera genituen pare bat eta zuri-zuri eginda zeuzkaten sustraiak, eta baita inguruko lurra ere: kotoia izanen balitz bezala, hariz beteta, nonbait onddoren baten izurritea sartu zaigu. Internetez bilatu dugunaren arabera, Sclerotium rolfsii edo ote den. Eta geroztik, eskarola lisoak ere berdin-berdin ari zaizkigu galtzen; nabaritu ahala, atera eta lur-eremu hori irauli eta karez zuritzen ari gara; ez jakin ongi ari garen edo ez. Horrela ote da? Zer iruditzen? Zer egin dezakegu? Eskerrik asko arretagatik, ongi izan.
Onddo hori baldin bada, arazoa alderantzizkoa da, ura gehiegi. Lurra lehortzeko ahalegin guztiak egin behar dira: bat ere ez edo ahalik eta gutxien ureztatu, landare arteko tartea handitu, airea errazago mugitu eta lurra lehortu dezan, landarea kanpotik eskuratzen badezute sanoa dagoela ziurtatu. Taulenak edo lur zatiak igotzeak ere lehortzera lagunduko luke. Aurrez bertan izandako landare gaixotuak deuseztatu, ahal baduzu erre, ez behintzat luartokira edo konposgunera bota. Kareak ere lehortzen du, baita sutako hautsak ere.
521
Zein Eta noiz da garaia kiwia biltzeko??
Bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren bedur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.
522
Kaixo, Tulipan batzuk ditut landatzeko, noiz? Eta baratze barruan landatu ditzaket? Eta kiwiak jasotzeko, noiz?
Urriatik atzera, abenduaren amaiera arte landatu ditzakezu idi-bihotz erraboilak. Nahi duzun tokian: lorontzian, lorategian, baratzean.... Baratzean tokia aukeratzerakoan kontutan izan lorea zimeldu ondoren hostajea berdea den artean ezin dituzula erraboilak atera lurpetik. Beraz, hurrengo landareak jartzeko eta plangintzan kontutan izan idi-bihotzen tokia. Kiwia jasotzeko bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren bedur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.
523
Gaubon jakoba, urriko ilbera pasa jaku,azaroako zein egun da aproposa kukubiak batzeko? Eskerrik askooo
Kurkubiak biltzeko ilbehera da egokiena eta fruitu egunak: azaroaren 2,3,11, 28 (17:00etatik atzera), 29 eta 30
524
Kaixo, Etxe inguruetarako gero eta denbora gutxiago dudanez, lorategia barazkiak jartzeko aprobetxatzea pentsatu dut. Baina nire lorategia intxaurrondoen azpian dago. Irakurri dudanez, neguko barazki asko kerizpetan haz daitezke baina horrez gain, intxaurrondoek toxina bat botatzen dute konpetentziarik ez izateko. Hau guztia jakinda ere, gogo eta ilusioa dut azakiak, porrua, azelgak, letxugak... Intxaurrondo azpian izateko. Neguko baratzea intxaurrondoen azpian izatea posible izango dela uste duzu? Solanacea familiakoak diren udako barazkiak eguzkitan jarriko nituzke noski. Eskerrik asko!
Lorategia intxaurrondoen kerizpean bazen, honez gero ikusi eta ikasi duzun haien eraginaz. Ez da oso idea ona intxurrondoaren kerizpea. Batetik kerizoe trinkoa duelako, baita hosto eta adarretatik darion isurkin horrek sortzen duen kalteagatik eta bestetik intxaurrondoak berak jango dituelako baratzean jartzen dituzun ongarri gehienak. Beste aukerarik ez izan ezkero, zeuk esaten duzun era da onena.
525
Egun on. Kukuluak landatu ditugu; dexente hazi dira, eta lehengoan bat atera genuen, baina iruditu zitzaigun kukulua ongi egin gabe zegoela oraindik (hostoak laxo samar, ez estu-estu). Denbora gehiago utzi ditugu, baina tontortzen hasi dira. Ez da komeni tontortzea, ezta? Hobe izango dugu lehenbailehen biltzea? Eskerrik asko!
Kukuluak urazak bezala ez du bero handia maite, beroa etortzen denean loratzeko grina pizten zaio, eta hortik tontortzeko joera hori. Ahal duzun azkarren jan eta kitto.
526
Aurten, Tuta Absolutaren arazoari beste bat gehitu behar izan diogu: tomatearen lorearen sikatzearena. Bai inbernaderoan zein kanpoan, itxuraz ondo zetorren landareari, lorak sikatu zaizkie. Tomate batzuk usteldu zaizkigu eta "falta de calcio" dela esan digute. Lorea galtzearena zergatik izan daiteken azalduko zeniguke?. Kokapena: Itsaso kontran, Ondarroa inguruan
Nire iritziz bi arazoek (tomatea usteltzea eta loreak ihartzea) iturri bera dute: landarearen estresa. Aurtengo udan gertatzen ari den eguraldi zakar hau tenperatura altuak, euri kolpe gogorrak eta abar, horrek landarearengan batez ere uraren estresa sortzen du. Une jakin batean izugarrizko ur pila izan dezake sustraien erara eta denbora tarte handirik gabe beste batean lehortea. Horrek landarearen elikaduren gorabeherak sortzen ditu: jaki batzuk ezin ditu behar bezala mugitu eta loraldia makaldu daiteke. Kaltzioaren kasua nabarmen arazo honi lotua dago. Tomatearen ipurdi aldean borobil antzeko orban beltzak sortzen zaizkio. Kaltzio falta bera ere izan daiteke, baina uraren gorabeherak seguru arazoa ekarriko duela. Lorea sikatzearena ere uraren faltari egotzi behar zaio: tenperatura handiekin landareaka ezin du behar adina ur hartu eta polenaren sorkuntza, polinizazioa bera eta lorearen bidea moztu egiten du, gainean dituen fruituei heldu eta hazi ahal izateko.
527
Jakoba, balkoiko landareei buruzko galdera bat daukat. 3 jardineratan hiedrak eta geranioak ditut. Azken boladan geranioak oso lore gutxi ematen ditu, eta gaur ikusi dut barrualdeko hosto asko kotxinillaz beteta dituela 🤔. Taladroaren kontra Bacillus+Neem+jaboi nahasketa erabiltzen det, baino duela gutxi hasi naiz tratamendua egiten. Bueno, galdera da ea horrek balio duen baita kotxinillaren aurka, ala zeozer berezia bota beharko niokeen.
Tratamentua egokia da, baina askoz ere eraginkorragoa litzateke tabako-belarraren urarekin osatuko bazenuke. Litro erdi bat ura eta beste hainbeste alkoholetan jarri 100 gr. tabako lehor. Utzi beratzen dozenaren bat egun. Iragazi eta erantsi beste 9 litro ur. Hortik erantsi lehendik egiten ari zaren tratamentuari. Tratamentuak etengabe egin, astero. Gehienak galduko dira, gelditzen direnak alkoholetan bustitako goata batekin igurtzi eta kendu.
528
Kaixo! Arrautzak lapurtzen ari zaidan animalia honako arrasto hau uzten ditu. Whatsappeko Biolur-eko taldeko Baratzezain Ekologikoen artean kriston eztabaida sortu da eta erabaki dugu zuri, Jakoba, galdetzea. Eskerrikasko!
Nik ez naiz animalietan jakituna, baina itxuraz katajinetak eta lepazuriak oilategietan sartu zalean dira. Oiloak ere akabatzen omen dituzte maiz. Hala ere arrautz zaleena lepazuria omen da.
529
Aupa, noiz moztu behar da menta?
Pentsatzen dut, menta galtzeko jakin nahi dudula noiz moztu. Horrelakoetarako, eta menta bezala beste landareak, ilgoran moztu behar dira. Onena bi edo hiru moztualdi ematea da. Urte sasoi onena hauxe da maiatzetik uztailera arteko hau.
530
Maiatzean gaude eta zuri noiz behinka irratiko saioan entzuten dizut,baina orain arte aurtengo maiatza giroz oso kaskarra doa. Nire galdera da, hemendik aurrera zer landatu daiteken, patata batzuk, kuiatxo bazuk, gindilla, tomate batzuk jarri nahi nuke. Noiz egin daiteke? Zer iruditzen zaizu? Besterik gabe, mila esker.
Aipatzen dituzun lan horiek denak egiteko garaiz zabiltza. Patata ereiteko ilebehera baliatu, eta potamea, kiatxoa eta piper minak jartzeko ilgora. Zein ilargi sasoitan gauden jakiteko jo www.bizibaratzea.eus webgunera. Bertan dituzu, baita ere, sasoi bakoitzean zein lan egin behar diren “Asteko lanak” atala.
531
Aupa Jakoba: Oraingo honetan cyclamenari buruz galdetzeko idazten dut. Amak haziak ditu eta ereiteko noiz den sasoirik onena jakin nahiko luke. Eskerrik asko
Ziklamena urte guztian erein daiteke. Haziak badituzunez, ahal duzun azkarren erein. Egun batez uretan beratzen eduki, lur onean erein, toki epelean eduki (18-20º) eta lurrari heze eutsi. Ez da azkar jaio eta ahazten den landarea, beraz hartu patxara.
532
Kaixo Jakoba: Jakin berri dut udako zein neguko brokoliak omen daudela. Nire zalantza da noiz landatzen ote den udakoa, orain maiatzean? Eta bestalde, brokoli mota bera da? Mila esker aldez aurretik!
Brokolia urteko garai askotan jateko bil dezakegu freskoa. Horretarako landaketa sasoia ere oso luzea da: maiatzaren erditik irailaren erdira aldera arte. Orain maiatzean landatu ezkero, abuztuan jan dezakezu. Eta irailean jartzen duzuna hurrengo urteko negu osoan jango duzu. Landatzen duzun sasoiaren arabera abuztuatik hurrengo martxora arte jateko brokoliak izan ditzakezu. Brokolia mota bera da bai. Brokoliak bezalaxe, azaloreak eta erromaneskuak ere antzeko zikloa dute.
533
1. Ortua daukagu aisialdirako Gernika aldean. Ezinezkoa zaigu ongarri naturala lortzea. Badakizu zer proportziotako (N/P/K) komeni den ohiko lurreko ortu eta arbolentzat? 2. Konpostadora sendo baten saltzailerik ezagutzen al duzu? Bi izan ditugu, baina ahulak, apurtu egin baitira. 3. Haziak. Hazi-paketea zabalduta, erabili ez diren haziekin zerbait egiterik ba al dago? Esker mila, eta izan ondo.
1.- Oso erraza da orain ongarri naturala topatzea. Haziak eta ongarriak saltzen dituen edozein tokitan aurkituko duzu zakuetan datorren ongarri organiko naturala. Lehorra eta koxkorretan dator, beraz erabiltzen eta banatzen oso erraza da. Minerala baina askoz ere hobea da. 2.- Luartoki onena bertan eraikitakoa izaten da. Egurrezko abt egitea oso erraza da. Hiru gunekoa egin; bata betetzen ari zarena, bigarrena geldirik egiten ari dena eta hirugarrena, egina dagoena eta behar ahala ateratzen ari zarena. Egur onena sasiakazia da (Robinia pseudoacacia), gogorra da eta iraupen luzea dau. 3.- Hazi gehienek urte batzuetarako bizitza dute. Erabili ez dituzunak, ontzi batean jaso toki fresko eta ikun batean.
534
Kaixo Jakoba, Etxe aurrean madariondo bat daukagu urtero ale handiko madari asko ematen dituena, baina, zoritxarrez, zatitu orduko barruan arrak izaten dituzte ale guztiek. Orain, zuhaitzak lorak eman berri ditu , zerbait egin genezake aurtengo fruituetan hori ez gertatzeko? Eskerrik asko!
Madariondoaren harra, sagarra erasotzen duena bera da. Maiatzaren amaiera aldera azaltzen da lehen belaunaldia. Gero udaran bigarren belaunaldia izango da. Hura da min gehien egiten duena. Inguruan sagastirik ez bada aurrenekoa kontrolatzea komeni da, horrekin erasoa asko jeitsiko da, bigarrena ia erabat zapuztuz. Sagastiak baldin badira inguruan bietan tratatu beharko duzu. Tratamentua egiteko harraren arrautzek jartzen dituen tximeleta noiz dabilen jakitea da onena. Horretarako feromonak dituen tranpa jartzen da, eta aste batean 4 tximeleta edo gehiago itsastita azaltzen badira handik 8-10 egunetara tratatu behar da. Orokorrean esan daiteke maiatzaren azken astean tratatu eta gero zortzi eguneko tartearekin beste tratamentu pare bat eman daitekeela. Hau uztailaren azken astean edo abuztuaren lehenengoan hasita errepikatu beharko litzateke. Tratamentuak egiteko nekazaritza ekologikoan onartutako produktuak erabili: “Bactur” edo “Madex”.
535
Kaixo Jakoba, "clavel chino"ak ditugu, eta pixkanaka zimeltzen bezela ari dira. Har bat aurkitu genuen pasa den astean....erruduna bera den eta zer egin dezakegun jakin nahiko genuke....Eskerrik asko.
Bai harra hori izan daiteke landareak ipurditik mozten dituenak. Ipurdiko lurra pixka bat kendu eta bistaratu. Harraren kontrako tratamentua eman: osin-ura eta xaboi potasikoa nahastuta. Baita ere, surtako hautsa eskuera badezute, landarea bera azpiko aldetik hautsarekin "zikindu", horrela harrari ez zaio gustatuko.
536
Tomate eta babarrunak ezin dira elkarrekin landatu. Zein aldea utzi beharko genuke gutxien? Zein da arrazoia?
Sustraien arteko borroka eta ezin eramana da arrazoia. Tartea metro pare batekoa utziz gero nahikoa litzateke, beti ere tarte horretan beste zerbait jarrita.
537
Oiartzungo Mikel naiz, orain mahatsarekin dauzkat arazoak. Argazkian ikusten da dagoenerako hostoak erasotuak daudela "mildiu" edo Oiartzunen esaten dugun bezela ordoyak jota. Ze konponbide dauka honek? Kimika bota edo ba ahal dago beste atarramendurik. Gure etxean azkenaldian txakolin ederra egiten da, baina aurten... Agur
Tratatu beste aukerarik ez duzu. Jeneralean begia ireki ordurako tratatzen hasi behar duzu. Kimua arra bete luze den arte sufre hautsa ematen zaio. Orain sufrea eta salda bordelesa nahasita, esaten duten dosi erdian, baina ez hautsa, uretan baizik. Ur horri azeribuztan ura eta esnea (ahal bada gordina) erantsi. Gaitzei aurrea hartzeko da, beraz egun lanbrotsu eta ilunak baldin badatoz aurrez tratatu. Bestela hamar bat egunetik behin azeribuztanaren urarekin eta esnearekin soilik tratatu... Ea txakolin eder hori dastatzeko adina ematen duen aurten ere...
538
Gaur konposta ateratzen hasi naiz baratzean banatzeko, bertan bi sagu kume azaldu dira. Behean alanbrea ipinia dut eta ez da arratoia, urtean sagutxoa inoiz barruan ikusi dut. Ez diot gehiegizko garrantzirik eman, dena dela zirrikituak ondo itxi behar ditut. Galdera da, konpost hau kutsatuta egon daiteke saguen patogenoren batekin? edo aprobetxa dezaket? Zure iritzia jakin nahi dut, baina akaso "bustitzea" zaila da... Mila esker Jon
Saguak habia egin du luartokia toki epela, lehorra eta babesa delako. Lasai erabili luarra edo konposta. Nik ez dut sekula patogenoen horren konturik jakin. Luarra lurrera doa, eta bertan makina bat prozesu, kimiko, fisiko eta abar, bizi beharko ditu oraindik. Lurraren biziak berak bereganatuko du luarra, ez zuk. Atzerakoa ematen badizu, luartokia ondo miatu zirrikiturik edo tarterik ba ote dagoen, eta itxi, ondo itxi sare sendo batekin.
539
Kaixo Jakoba! 2 urtetan gereziondo bat beste gereziondo batetan txertatzen saiatzen nabil, ta momentuz bietan porrot egin dut. Lehengo urtean "corona" metodoa erabili nuen Bigarrenean berriz, txertatzeko erabiltzen diren guraizeekin saiatu nintzen Biak otsaileko ilgoran egin nituen Aurten, zure aholkuren bat jaso gurako nuke. Noiz egingo zenuke txertaketa eta ze metodo erabiliko zenuke? Nahi dudan gereziondoak maiatzean ematen du fruitua, hazia gorde ta erein eskero, noiz erein beharko nuke? datorren urteko udaberrian? Txertaketei buruzko liburu dexenterik gomendatu alko zenidake? Ez dut txertaketa ikastarorik bilatzen, ba al dakizu lekuren batetan egiten al den? Eskerrik asko aldez aurretik, beti ezin izaten dut zure irratsaioa entzun, emailez erantzutea eskertuko nizuke. Zorionak egiten duzunagatik. Mikel
Gereziondoa txertatzeko metodo asko erabiltzen dira, baina ohikoenekin ere ongi erantzuten du: udaberriko zotzekoa, martxoaren hasiera aldera egiten dena eta udarako begikoa, abuztuaren amaieran edota irailaren hasieran egiten dena. Haziak jasotzez gero geruzatu egin behar dituzu, kanpoan, azpia zulatua duen ontzi batean hondarra eta haziak geruzatan jarri (hondarra-haziak-hondarra-haziak...) eta urte gara hau arte eduki kanpoan eta heze. Orain atera eta erein baratzean, muintegian edo ontzietan. Josu Osa txertatzaileak gomendatzen liburua hauxe da: “Injerto de todos los árboles y arbustos” Jean-Yves Prat eta Denis Retourdard, Omega argitaletxea. Ikastaro ugari egiten da neguan bezala uda partean. Begiratu www.bizibaratzea.eus webguneko agendako ikastaroak atalean.
540
Kaixo Jakoba, baratzetxo bat hastear naiz, eta ondoko negutegi bat dela eta, baratze osoan zehar errenkada bat itzal edukiko dut pare bat metro zabalekoa. Bertan eguzki gutxi beharko duten barazkiak landatzea dela onena suposatzen dut. Zeintzuk gomendatzen dizkidazu? Mila esker!!
Hostoa kentzen diegun barazkiak onenak: uraza, eskarola, ziazerba, zerba... Udazken negurako porrua, aza jendea... Era berean urte guztia baratzean igarotzen duen marrubiarentzako ere ona izango da.
541
Kaixo. Urki gazte bat dugu mendian sartua 500 metroko garaieran eta kimatzekotan gara indartzeko zuhaitza.noiz da garairik onena kimatzeko? Eskerrik asko. Ekaitz
Inausketa gehienak bezala urkiaren hau ere izerdia mugitzera doanean edo izerdi betean denean egitea komeni da. Martxoa izango da izerdia abiatzeko sasoia, eta orduan izango da garai onena, ilbeheran.
542
Ze ilargi da egokia zuhaitzak tokiz aldatzeko? Eta adarrak mozteko?
Ilbehera da egokiena bi lanak egiteko, bai landarea tokiz aldatzeko eta baita adarrak mozteko ere.
543
Kaixo Jakoba: Noiz da garai onena kiwiak eñausteko?
Sasoi onena martxo aldeko ilbehera da, aurten otsailaren 26tik martxoaren 10 arte. Hori emeak inausteko. Arrak oso-osorik utzi eta loratu ondoren, loreak ondo ihartu zaizkionean inausi.
544
Egun on, atxikita duzu leihoko geranioen argazkia, ez dakit maiatzean nagon edo neguan... pipittetan gustora dago. Tximeleta marroi goikarriak...eguerdiko 12:00 inguruan eguzkiarekin batik bat Geranioaren gana etortzen dira. Nire galdera:nola da posible neguan landareak indar gehiago edukitzea, eta udaran gaixorik indartu ezinik hil ala bizi ezinean egotea... Mila esker zuri, eta zuek egiten duzuen lanagaitik, miresgarria da.
Nik esango nuke geranioentzako oso toki ona duzula. Urte sasoi honetan horrelako indarrarekin, hostajea mardul eta lore pipittekin egotea ikaragarria da. Tokia eta ontzian duen janaria, biak onak. Uda partean eskasago egotea agian hori bai tximeletaren harrak eagin dezake. Enborrean sartu eta goitik behera jaten duten harrak dira. Orain harra horietako batzuk tximeleta bihurtuta eta beste batzuk negua igarotzen ari dira eta geranioa pakean. Udaberriarekin hor azalduko zaizkizu. Ordurako pronto egon, tratamentuetarako batez ere. Tratamentua "Bacyllus thuringiensis" eta "Neem" olioarekin egin, lehen harrak ikusi ordurako eta zortzi egunero errepikatu, harrak desagertzen diren arte.
545
Kaixo! Etxe aurrean dugun lursailean hiru piku ditugu. Kanpoko espaloiarekin muga egiten dute, eta nahiz eta fruitu eta hosto gehienak barrualdean erortzen diren, zuhaitzaren atal bat kanpoaldean dago, etxeko mugetatik kanpo. Beraz, uda bukaeran espaloia pikuz eta hostoz betezen da. Kanpoaldeko atal hau moztu nahiko nuke. Kalte txikiena egiteko nola egin dezakedan eta noiz egin dezakedan jakitea gustatuko litzaidake. Mila esker aldez aurretik!
Pena da pikondoa inaustea, izan ere egur oso ahula du, eta zauriekin asko sufritzen du. Hala ere nahitaezkoa baderitzozu inausketa kimuak mugitzen hasten denean egin. Kontuz ibili ebakitako zatiekin eta zauriekin, inola ere ez ukitu. Bere izerdiak erre egiten du. Ezagutzen dut inolako babesik gabe pikondoa inausten ibili eta ospitalean bukatu zuen bat.
546
Kaixo, argazkian agertzen dan zuhaitzak ez du mandarina alerik eman, urtero asko eman ozan du. Argazkian agertzen dan bezala hostoak trixte ditu. Zerbaiten falta argia du baina ez dakiagu zer. Zer egingo zenioke?
Argazkian garbi ikusten da ez dela ongi bizi. Janaririk ematen al diozue? Alegia, ongarri organikoa, asko eta asko; onena simaurra eta ez badaukazu luarra. Adar mutur lehorren bat ere antzematen da, beraz arazoa ez da oraingoxekoa. Bestetik hosto batzuetan hauts beltz baten tankerakoa ikusten da. Hori onddo bat da. Onddo hori intsekturen baten erasoaren atzetik etorri izan ohi da. Beraz miatu ongi hosto azpiak eta adarrak ea zorria edota kotxinila ikusten duzun. Eta hauek tratatu beharko dituzu. Bietako edozeinek ere, landarea asko ahultzen du.
547
1.-Hiru urtetan jarri ditut ziazerbak negutegian, urrian edo azaroan, eta hiruretan neurririk gabe GARATU zaizkit, eta berehala lurreratu, noski. Hori zerk eragiten dit? Badut ezagun bat barazkiak ekoiztea lanbide duena, baina berak ez daki zergatik den. Landareena ote? 2.- Negutegiaren erdian landare handiak jartzen baditut, tomateak adibidez, ertzetan aldatzen ditudanak ( letxuak, ...) ez dute behar bezala emagten. Erdikoek sortzen duten itzalak eragiten ote du? Hala bada, negutegiko aaldamenak baliogabe geratzen zaizkit.
1.- Urrian edo azaroan beharrean lehenago jarri. Zerba bi urteko landarea da, hau da saoi batean hazi egiten da eta negu-udaberri koska bat igarotzen duenean garatu. Zurean udazkenean hazi egiten da eta gero udaberrian garatu. Jarri lehenago, ekainaren erditik hasi eta abuztuaren amaiera artean. 2.- Ez dut uste itzalaren gorabehera izango denik. Nire iritziz lurpean bien sustraien arteko borroka dela esango nuke. Elkarrekin landatzen al dituzu? Letxugak gero jartzen badituzu, ordurako tometeek sustrai handiak izango dituzte eta janaria errazago bereganatuko dute. Lurrari janari gehiago emanda saioa egin. Beti ere ongarri organikoa eta ondo luartua edo konpostatua, bai simaurra bai luarra bera bada.
548
Lurraren analisia egin ondoren, adierazi zidaten simaurrik eta karerik ez emateko, nitrogenoa, potasioa,carbonatoak...OSO GOIEN zeudelako. Aurreko bi urtetan ohiko simaurra eta karea eman ondoren, tomate ederrak izan nituen (YAJK injertatuak). 2017an simaurrik ez nuen eman eta tomateak (YAK normalak, ez injertatuak) kanikatxo batzuk, oso oso eskasak. Zer egin behar dut aurten? Berriro ongarririk ez eman? YAK INJERTATUAK aldatu?
Bi alderdi aztertu beharko dituzu. Batetik argi jakin behar duzu txertatutako landareak beti lore eta fruitu gehiago emateko joera izango duela, fruitu arboletan bezala. Beraz txertatutako landarea jartzeak fruitu gehiago izaten lagunduko du. Bigarren alderdia lurrarena da. Alferrik izango dira landatuko dituzun txertatutako tomate landareak izatea eta hauek lore eta fruitu asko emateko joera edukitzea, gero elikatu beharko dituen lurra erdipurdikoa bada. Nik zalantzarik ez nuke izango: jarraitu ongarri organikoa (simaurra, luarra...) eta karea ematen. Tomateak asko eskatzen du, ASKO. Negutegian ongarriketa organikoa egiteko nahikoa berandu da. Beraz oso ondo luartu edo konpostatutako simaurra erabili. Eta ilargialdi bat geroago karea.
549
Kaixo errezil sagarra eta sagarminak txukundu eta adarrak mozteko garai onena noiz eta ze adar moztu behar dira
Sagarrondoak "txukuntzeko" adarrak mozteko sasoia martxoa aldea da. Onena ilbehera, 2018an: otsailaren 26tik martxoaren 10era. Zein adar moztu esatea zaila da. Asko ez kendu, behintzat. Hobe da bi edo hiru urteetan bere onera ekartzea. Adarrak aukeratzeko: muturra ihartua duenak, zauritutakoak, adar bat beste baten gainera edo elkarren kontra daudenean...
550
Zerk jan du porru hau? Eta zein izan daiteke konponbidea?
Nire iritziz bi aukera daude: edo satorrak jandu bere lurpeko zulobideak irekitzeko ahaleginean edo sataina, porrua bera jateko. Sakoneragatik satorra dela esango nuke. Satorra bada, metro eta erdiko burdinezko ziri edo hagatxo batzuk sartu, erdia lurperatuta, baratzearen inguruan, gainean plastikozko botilak sartu buruz behera. Honek uxatu egingo ditu. Sataina bada, zailagoa duzu. Baratzea eta bere ingurua garbi eduki beharko duzu, lur azalean mugitzen da eta agerian mugituz gero bere arerioek (hegaztiek batez ere) errazago ikusi eta ehizatuko dute.
551
Arratsalde on. Kamelia bat lekuz aldatzeko garairik onena zein den jakin nahiko nuke. Aldez aurretik, eskerrik asko. MAITANE
Kameliak ez du hostajerik galtzen neguan. Beraz udaberrira itxaron behar da. Behin loraldia amaitu denean, apirila aldera da egokiena. Sustrai batzuk galduko dituenez, kimaketa arin bat ere egin. Landarea handia bada onena litzateke udaberria hostajearen parean lurrean sustraiak zuzen goitik behera ebaki buelta osoan. Bertan utzi landarea, eta hurrengo urteko apirilean atera. Ebakia egindako pare horretan susttaiek sustraitxo berriak emanda izango dituzte, itsasten lagunduko dutenak.
552
Kaixo Jakoba. Gaztain batzuk mugarratu nahi genituzke etxean gero hesietarako zutoreak (posteak) egiteko. Garai hau ona al da? Ze egun gomendatuko zenizkiguke? Eskerrik asko!
Egurraren iraupena luzatzeko izerdi gutxiena duenean eta ilbeheran moztea komeni da. Urtarrila eta otsaila onak dira. Ilbehera urtarrilaren 29ko 12:33etatik otsailaren 11 arte izango da. Egunei begira sustrai egunak izango dira egokienak: otsailaren 3 (12:00etatik atzera) eta otsailaren 6 artean.
553
1- Mahatsondoa noiz inausi behar da? 2- Okarana noiz txertatu behar da? eta horretarako kimuak noiz bildu eta nola kontserbatu behar dira?
1- Mahatsondoa inausteko sasoi onena otsaila da, eta onena ilbehera. Toki hotzetan martxoa aldera ere lasai asko inausi daiteke. Eta Mahatsondoa ebakietatik bnigarrez hasten bada ez larritu. 2- Okarana goiz mugitzen denez, otsailean txertatzen da. Adarreko txertua egiten da neguan. Begikoa egin nahi izanez gero abuztuan. Ni kimuak txertuak egiterakoan bertan biltzearen aldekoa naiz. Ezin baldin bada eta aurrez hartu behar izanez gero, trapu batean bil-bil egin eta bustita eduki hozkailuan.
554
Kaixo, haritz bat degu eta bolatxo hauek atera zaizkio. Esan digute gaitz bat izan daitekeela. Horrela bada, nola tratatu dezakegu sendatzeko? Mila esker
Kuku-sagarra, kuskuilua eta beste izen mordoa dugu koskor horiek izendatzeko. Intsektu batek egindako erasoaren aurrean, landareak berak sortzen du koskorra, eta intsektua isolatuz bere burua babestu. Beraz ez da gaitza, eta hori sortzea eragiten duten intsektua tratatzeak ez du merezi. Izenak bezala, kuku-sagarrak erabilera anitz izan ditu. Horietako batzuk aipatzen ditutn ARGIA astekarian 2010ean argitaratu nuen artikulu honetan: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2220/lupu-jostailua
555
Kaixo Jakoba. Asteasutik idazten dizut. Sagarrondo zahar bat daukagu aurreko uztan erdia erori zitzaiona eta beste erdiak ez duela asko iraungo iruditzen zaigu. Ez dakigu ze sagar mota den (errege sagar tankerakoa da baino goxoagoa, ez hain bizia...). Nahiko genukeena da horren txertagai batzuekin beste sagar batzuek txertatzea. Noiz egingo genuke? Nola egin dezakegu? Non bilatu horri buruzko informazioa? Mila esker.
Txertatzaile baten premian zarete. Hark ekarriko dizue mentu-oina izango den sagarrondoa. Nik sagar basaka edo makatza edo sagarmina deitzen dena jarriko nuke. Iraupen luzekoa eta indartsua, baina leku asko behar izaten du. Mentu-oin hori landatu eta gero adarreko txertoa martxoa aldera egiten zaio. Begiko txertoa ere egin daiteke; hori abuztuan egiten da. Inguruan txertatzailerik ez badezute, berriro idatzi eta emango dizuet bateren batekin harremanetan sartzeko bidea.
556
Kaixo Jakoba. 3.000 m2ko sail bat dugu. Bertan urte osoan ardiak izaten ditugu garbi eustearren. Sail buztintsua da eta aldapa pixkat ere badu. Oso egutera. Ongarritzea komenigarria ote litzaken eztabaidan ari gara. Ardiak hor izanez gero ximaur ekarpena ere baduenez... Eta karearen kontu hori? Lurra buztintsua denez ere behar bada komeniko litzake ala? Zure iritzia jakin nahi genuke, noiz eta nola egitea komeniko litzaken. Ongi izan eta mila esker
Galderari zuzen erantzuteko belazearen egoera jakin beharko nuke. Belarra ondo datorren, belar aniztasuna badagoen, zakartzen ari ote den... Hala ere orokorrean, artaldeak nahikoa ongarri organiko utzuliko dio lurrari urte osoan hor baldin badabil. Karearena, baita ere orokorrean hitz eginda, beharrezkoa ikusten dut. Lur buztintsuak, simaur ugari dutenak eta euri ugariak lurra azidotzera darama. Karea ona da horri buelta eman eta lurreko jakiak landareek errazago sustraira ditzaten. Belarraren kalitatea ere hobetuko da, eta ondorioz ardien elikadurarena ere. Karea botatzeko garai oso ona da negu parte hau. Karea pikorrean bota, urtu ahala denbora luzez lan egin dezan. Hasteko metro kuadroko 100 gr. bota, bi edo hiru urtez. Gero biz behin 50-60 gr/m2 eman.
557
Epa Pinu baso txiki bat bota behar dut laster eta bota ondoren zein zuhaitz landatu erabaki nahian nabil. Urkia, haritza eta pagoa landatzea pentsatzen hari nintzen. Egokia iruditzen zaizu hiru hauek baso berdinean nahastea? Baso hau iparekialdera begira dago Urko mendiaren magalean (Aginaga auzoa Eibar). 500m-tako altueran dago. Zein zuhaitz esango zenuke direla bertakoak? Eskerrik asko
Baso berria sortzeko ez da hirukote txarra. Haritza da hiruren artean berozaleena, pagoari hezetasuna gustatzen zaio eta urkiak hotza maite du. Nahi baduzu beheko aldean haritza jarri, goian pagoa eta urkia beste bien artean, nahasian. Bertako zuhaitzak asko dira. Zeuk hautatutakoez gain lizarra, astigarrak, ezkiak, otsolizarra, maspila edo basagurbea, hostazuria, zumarra, ametza, artea, artelatza, erkametza, hagina, pinu gorria eta abar. Basoa osatzeko ertzetan edota tartean jar dotzakezu fruitu arbola basak (hurritza, maaltza, sagar makatza, oilarana, gurbitza, elorri beltza...) eta baita auhaixkak ere.
558
Kaixo! Erramu eta gorosti landare txikiak ditugu lorontzietan, ze garai da ona landatzeko?
Hostajea galtzen ez duten landarean neguaren aurretik edo atzetik landatu behar dira. Urriaren amaiera edo azaroaren hasiera, toki oso hotzetarako egokia da. Martxoa edo apirila edozein tokitarako ona. Hotzaren beldur bazara apirila arte itxaron, baina bestela martxoan ere lasai landatu. Lorontzietan izateak bere abantailak ditu, nagusia sustrai guztiekin jarraituko duela landareak. Bestalde, lorontzitik ateratzerakoan sustraiak azpiko aldean kiribilduta daudela ikusten baduzu, kiribilak askatu eta bizitoki berriko zuloan sustraiak luze-luze eginda jarri.
559
Kaixo fenomeno, aguakatea hemen hazten den jakin nahiko nuke. Hala bada, garaia eta nola zaindu jakin nahiko nuke. Eskerrik asko Jakoba!!!
Ahuakatondoa itsasaldeko lurretan ondo hazten da. Zenbat eta toki babesagoan hobe. Azpeitia hotza xamarra irudituko zaiola uste dut. Hala ere badira aldaera edo barietate desberdinak eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. -7° C arte izoztu gabe eusten dionik ere bada. Toki egutera gozoa baduzu, aldaera gogor horietakoren bat eskuratu eta saiatu. Landatzeko sasoia udaberriaren hasiera da, hostajerik ez baitu galtzen, apirila aldera. Zaintzan ez du apartekorik eskatzen. Arbola handia egiten dela gogoan izan, jartzen duzun tokian gero, urteetara enbarazurik egin ez dezan... Lehen urtetan eta gero hotz handia egiten duenetan, babestu: arbolaren inguruan simaur berria jarri, beroa zabaldu dezan; enborra eta adar nagusiak oihalez bildu eta ahal izanez gero izotzaren goitik beherako eraso zuzena kenduko dion txapela tankerako estalkia jarri.
560
Kaixo, Jakoba! Gorosti ondo bat sartu nahi genuke baratzaren ertzetako batean. Noiz da garairik egokiena eta sartuko dugun tokiak nolakoa izan behar du (egutera, laiotza...)? Mila esker!
Gorostiak hostajerik ez du galtzen neguan, horregatik negua amaitzean landatu behar da. Itsasaldeko lur epeletan martxoaren amaieran eta barrualderago bada, apirilean. Gororstia edozein tokitara egokituko da, baina egutera nahiago du. Hala ere baratze ertza izaki, pentsatu handia izango den egunean itzala egingo duela eta ahal dela ez dezala baratzearen aldera egin...
561
Arteak podatzeko garai egokia? Eta landatzeko tiesto batzutatik lurrera?
Arteak neguan ez du hostajea galtzen, ez da soiltzen, horregatik urrian edo, hobe, martxoa-apirilean landatu behar da. Inausketari dagokionez kimua mugitzen zaionean, orduan izerdi berria datorkiola adierazten bait du. Honek zauriak ixten lagunduko dio.
562
Etxean daukadan orkideak loreak eduki ondoren gelditu diren baretan, orkidea landareak (ez loreak), txikiak irten dira. Nola (eta noiz) egingo dut hortik ontzi batera pasatzeko ? Ze zaiketa behar ditu?
Zorionak! Loreen adarretan landaretxoak eman baditu indarrean dela adierazten du. Ez ezer egin landaretxo horiek sustraiak ematen ez dituzten artean. Orain arte bezala zaindu, alegia. Sustraiak luzatzen dituenean lorearen txorten hori landarearen azpitik moztu eta orkideoentzako berezia den "lurretan" landatu. Ez da benetako lurra, azal kozkorrak balira bezalako nahasketa bat baizik. Lorontziak gardea izan behar du. Amaren aldamenean jarri, toki onean dagoela nabarmena da eta.
563
Kaixo, jakin nahi nuke gereziak noiz txertatu behar diren. Ze hilabete, urtaroan eta ze ilargirekin. Erantzuna jaso nahi nuke lehenbailehen mesedez.
Gereziondoa bi sasoitan txertatzen da hemen. Negu-udaberrian, martxoan adarreko edo zotzeko txertua eginez. Udan begiko txertoa egiten da. Esan ohi da gereziondoarentzako hilabete egokiena iraila dela. Txertuak denak ilgoran egitea gomendatzen da. Niri ilbeheraren amaieran egitea gustatzen zait, ilgora etprri ordurako izerdiaren emana har dezan. Aholkua bat emango dizut: tokia. Gereziondoari lur harroa gustatzen zaio, motela edo buztintsua behintzat ez, eta eguzkizalea da.
564
Etxe inguruan 4-5 sagarrondo ditugu. Noiz inausi behar dira?
Sagarrondoa inausi behar duzun edo ez erabaki behar duzu lehenengo. Nahikoa tokia badute eta ez badute ez beraien artean ez ingurukoei enbarazorik egiten ez nituzke inausiko. Errazago biziko dira, hobeto eta fruitua urte gehiagotan emango dute. Hala ere inaustea erabakitzen baduzu, martxoko ilbeheran egin.
565
Haritz zuhaixka bat landatu nahi dugu baserri kanpo aldean. Abenduan landatu nahi dugu, Urte garai honetan landatzeko eragozpenik ba al dago? Zein tokitan komeni da landatzea, toki eguzkitsuan, humelean, ekialdean...
Abendua urte sasoi ona da hostajea galtzen duten landareak landatzeko. Ahal baduzu ilbeheran egin. Garrantzitsua da hotz handiak eta izotzak direnean ez egitea, sustraiak erretzeko arriskua dago eta. Haritza gogorra da eta ia edozein tokitan etorriko da. Hala ere eguzki alde gozoa gustatzen zaio. Beroena hegoa da, ondoren mendebala, gero ekia eta hotzena iparra.
566
Kaixo Jakoba, permakultura erara jarria dugu baratzea, eta azkenaldian barazki artean perretxiku batzuk ari zaizkigu ateratzen. Zer esan nahi du horrek? Eta desorekaren baten adierazle balitz, zer egin genezake zuzentzeko? Mila esker aldez aurretik!
Perretxikoak azaltzeak gauza bat adierazten du nabarmen: hezetasuna dago. Baina baita ere bizitza asko dagoela lur horretan. Horixe bilatzen da lurrean landareei azpiak egiten zaizkienean. Arazoa izan dezakezu hezetasun hori gehiegizkoa bada eta lehorzaleak diren landareak jartzea. Horri aurre egiteko taulenetan edo baratzeko zatietan tontorrak egin. Lurra bera tontortu edo egurreki, harriekin edo dena delakoarekin lurra altxa hezetasun horri ihes egin eta lur harroa eta lehorragoa izateko.
567
25 urte dituen Pagoari beheko adar batzuk moztu beharrean gaude. Noiz eta nola mesedez. Eskerrik asko.
Pago horieri adar txikiak bakarrik moztu. Handiek enbarazu egiten badute, handi horien adar txikiak kendu, ahalik eta handi gehienak errespetatuz. Inausketa ilbeheran egin behar da eta martxoan, izerdi berria etortzekoa denean.
568
Egunon Jakoba, noiz eta nola landatu illarrak. Mila esker
Ilarrak ez dira landatzen, erein egiten dira, hazia erein, alegia. Hona "BIZI BARATZEA" liburuan diodana: Babaren paretsu egiten da ilarra. Goizekoak irailean eta azkenekoak otsailean ereiten dira. Goiz eginez gero, hotzak etorri aurretik zertxobait hazten da; behin 5 bat cm-ko landarea bada hotz handienari ere aurre egingo dio. Neguan, sustraiak zabalduko ditu eta udaberria etortzen denean, eguna luzatzen hasten dela jabetzen denean ziztuan etorri eta loratuko dira. Errenka batetik bestera 60-75 cm tartea utzi, zenbat eta luzeagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da. 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzegia badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20cm inguru hazi denean landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Gero, arbatu egin behar da: hesolak sarearekin, zuhaitz eta zuhaixken zarbak.... edozein erabili daiteke. Lan hau azkar egite komeni da, landarea etzaten bada, bigarren mailako zurtoinak botako ditu eta uzta urritu eta atzeratuko da. Bere langintza errazteko trikimailuak ere azaltzen ditut bertan: Ilarra udaberrirako soilik egiteko ohitura dugu hemen. Saiatu udazkenean ere eskuratzen: ekaina edo uztaileko ilgoran goizeko aldaeraren bat erein. Kontuz haize tokietan... Udazkenean, hotz egiten badu, ereiteko errenka egiten dugunean azpian simaur berri pixka bat jarri, lurrez estali eta haren gainean erein. Simaurrak lurra berotuko du eta aiseago ernatuko da. Txoriek ilarrak guk adina maite dituzte. Ereiten ditugunean ongi zanpatu aldameneko lurra, bi hanken artean. Denetatik ikusten da txori-izugarri: nylon hariak gurutzatuta, diskoak zintzilik, sareak... Gero, gu baino lehenago jabetuko dira lekak eta aleak jateko moduan direla. Orduan sarea da onena.
569
Oilarana (prunus mahaleb) landatu ahal izateko non aurki ditzaket haziak, non da ohikoa zuhaitz hau? (ze parajetan....) Beharbada errazago da adaxka bidez lortzea ala? Turkian bere hazia lehortu eta xehetuta gozoei zaporea emateko erabiltzen dute gainetik botata. Euskaldunak ze erabilera eman izan dio? (egurra pipak eta egiteko, fruta tinturetarako....)
Eusko Jaurlaritzak 1985ean argitaratutako "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landare Katalogoa"-n Oilaranaren kokapen ugari aipaten du. Araban Cestafe, Ribera, Ilarduia, Sobron, Arluzea, Cabrera, Kodesko Kostalera, Cervera eta Bernedo. Bizkaian Ogoño, Karrantza, Atxarte, Aramotz mendia eta Mendiola. Gipuzkoan Lizartza, Ataungo Aitarte-Ezkizabal eta Azpildi. Mendi karetsuen goiko alde hotzak maite ditu, batez ere hegoaldera begira dauden penditz eguteretan. Ugaritzeko onena zuhaitz horiek topatu eta bere haziak hartzea da onena. Adaxkatik ere saioa egin daiteke; hormonak erabiltze izango da onena. Nik ez dut zuzeneko erabilera berezirik ezagutu, ebanista baten lan batzuk kenduta. Hemen duela urte batzuk ARGIA astekarian argitaratu nituen oilaranari buruzko artikulu parea: http://www.argia.eus/argia-astekaria/1765/ahanzturaren-onurak Hemen ardoa egiteko edo ardoak ontzeko erabilera aipatzen dut. http://www.argia.eus/argia-astekaria/2340/litxarreroon-lilura
570
Kaixo Jakoba , proiektu berri baten aurrean gaude eta laguntza behar dugu, azaroan gaude, lurra prestatu ondoren zer landatu dezakegu?
Gauza asko landatu daiteke urte aro honetan: ilarra, baba, baratxuria, tipula... Garrantzitsuena zuen planifikaio lana da. Zenbat lur dezute, zer jaso nahi dezute, zenbat ordu eskainiko diozue baratzeari, noiz jaso nahi dezute uzta... Hala ere, www.bizibaratzea.eus webgunean astero astero jartzen dugu sasoi horretan egin beharreko lanen berri, kanporako bezala berotegirako. Bertako buletina jasotzeko helbide elektroniko bat eman besterik ez duzu eta puntual-puntual astelehenoro, goizeko 08:00etan jasoko duzu beste osagai batzuen artean lan horiek dakartzan buletina. Adibidez aste honetarako lanak honoko hauek dira: Baratzean ereiteko: laboreak (olo, gari, zekale, garagar...), porrua, baratxuria, udaberriko aza, uraza, baba eta ilarra. Berotegiaren babesperako erein daitezke: porrua, tipula gorria, baratxuria, errefautxoa, errukula, uraza, kukulua, ziazerba, baba eta ilarra. Berotegian ereiteko: patata. Landatzeko: tipulina, uraza, kukulua eta ziazerba ere. Laboreak ereiteko garaia etorri zen, azaroa hazi aroa. Gari, olo, garagar, zekale eta abar azaroko ilgoran ereiten dira. Ilgora honetan ezin egin bada otsailerako utzi. Neurria hartzeko, esaerak dio hazia zabaldu, txapela bota eta txapelapean hamar ale badaude tamainan! Zuritu nahi diren karduak estali daitezke. Baita eskarolak ere, estalki bat ipiniz edo hostoak jaso eta motots batean lotuz. Hiru bat aste beharko dute zuritzeko. Kontuz barraskilo eta bareekin, bildu-estali horietan ederki babestuko baitira, eta gozo-gozoan jan. Euri asko ari badu usteltzeko arriskua ere kontutan izan. Libre diren sailetan ondutako ongarria zabaldu daiteke: simaurra, satsa, luarra edo konposta, zizare-lurra... Oraindik lurra erabat hoztu gabe dago eta emandakoa ederki bereganatuko du. Neguan edo udaberrian jarriko ditugun landareen premia asetuko du. Neguko erreboilak landatzeko azken aukera: idi-bihotza edo tulipa, hiazintoa, lilipa edo nartzisoa, irisa, fresia, azpelarra, eta abar Soropila ongarritzeko garaia da. Urte osorako oinarrizko ongarri organikoa orain eman.
571
Arratsaldeon Jakoba! Etxe ondoko baso txiki batean (10 pago zuhaitzekoa) 2 pago iertuta (zikatuta) daude eta jakin nahi nuke azaroko ilgoran botatzea idea ona den. Bota ahal badaiteke, jakin nahi dut segituan moztu behar den sutarako prestatzeko edo utzi egin behar den. Milesker eta agur bat.
Barkatu atzerapenagatik. Pagoa su-egurretarako abuztua, iraila, urria edo azaroko ilgoran botatzen da. Onena aurrenekoak dira. Hala ere zuhaitza ihartua badago ez dago alde handirik. Bota nahi duzunean. Ilargiaren eraginak izerdian eragiten du. Ihartutakoa aldiz, beti berdin egongo da. Bota lasai eta ahal duzun azkarren ebaki. Zenbat eta lehorrago, orduan eta zailagoa da egurra pitzatzea.
572
Arratsalde on: Jakin nahiko nuke ea noiz diren egun egokiak kiwiak biltzeko. Zure erantzunaren zain, Eskerrik asko aldez aurretik
Gordetzeko, luze irauteko jaso nahi badira, ilbeheran bildu. Ilbeheraren barruan fruitu egunak lirateke egokienak. Beti ere izotzak etorri aurretik; Euskal Herrian aldaketa asko dira izotzaren aldetik, beraz zeuk ikusi zur kiwi horien aldean nola datorren hotza. Aurten azaroan ilbehera 8an hasi zen eta 22ko 03:07arte izango da. Fruitu egunak berria, 12 eta 13 (dagoenerako paseak direnak) eta 21 egun osoa. Abenduan ilbehera 5eko 12:43etan hasiko da eta 19an 10:33etan amaitu. Fruitu egunak 8 (10:00etatik), 9 egun osoa, 10 (15:00etatik 19:00etara) eta 18 (12:00etatik 17:00etara) izango dira. Uzta on!
573
Membrillo zuhaitzean jaso gabe gelditu diren fruituak eta lurrean erorita, guztiak arrak dituztenak edo, (arra ez da ikusten baina bihotzak arrautza (?) bolatxo beltzez josita daudela) konpostera bota daitezke edo erre behar dira?
Gaitz gogorren bat ez badute, fruituak lasai bota daitezke konposterara edo luartokira. Iransagarren bihotzean har horien arrasto horiengatik soilik, bota bai luartokira.
574
Baratzean lantzen ditugun landareak bezain baliotsuak dira belar txar deitzen diegun horiek ere. Nahiz eta txartzat ditugun, gure barazkiak irensten dituztela eta, mesedegarriak zaizkigu, horiek erabiltzen jakinez gero, hala nola, sendagaiak egiteko, lurzoruaren egoera adierazten dute... Hortaz, hurrengoa jakin nahiko nuke: baratzeko belar txarren gaineko informazioa ( izenak -euskaraz ere bai-argazkiak, ezaugarriak, erabilerak, bioadierazpena...) non kontsulta dezakedan (webgunea, liburuak, aldizkariak...). Eskerrik asko!
Ederki diozu belar "txar" horiena. Nik esaten dut belarrak txarrak direla bere onura edo alde ona topatzen ez dugun artean. Euskal Herrian horieri buruzko informazioa biltzen duen ez internetgune ez liburu ez dut ezagutzen. Hala ere belarrei buruzko edozeinek balioko dizu, ongurukoak baitira orokorrean baratzean topatuko ditugunak. Zenbait belar kanpotik ekartzen dugu, haziekin nahasita edo beste landareekin lurrean eta abar. Liburu eta argitarapen asko dago, baina nik maiz eskuartean izaten dudan bat gomendatuko dizut: "Urola bailarako landareak" Xabier eta Igotz Arenas dira egileak, 206koa da eta argitaratzailea Azpeitiko Udala da.
575
Kaixo Jakoba; Marrubi landare aurten sortu berriak, lekuz aldatu nahi ditut. Azaroa hilabete aproposa al da? eskerrik asko.
Azaroa oso hilabete ona da. Baina baita abendua, urtarrila eta otsaila ere. Toki oso hotzetan baita martxoa ere. Nahi duzunean, landatu. Kontutan izan behar duzun gauza bakarra hotza da. Hotz handia egingo duela sumatzen baduzu ez egin landaketa, sustraiak erre daitezke eta. Landaketa egindakoan ongarri organikoa eman, erruz eman. Geruza lodi bat 3-4 behatz jarri denean, udaberrian eta udan nabarmenduko duzu. Marrubiak janari asko eskatzen du.
576
Egun on, Errekondo jauna: badut lur sail bat azaletik metro erdira igeltsua dudana. Arbolak sartzen saiatzen naiz, baina emaitzak kaskarrak dira: intxaurrondoa, konferentzia-madariak... Hori gutxi balitz, orkatzek gainerakoa egiten dute ondo hazten diren arbola gazteei enborra horzkatzeko. Horrela pasatu da gaztainondo bat, orain dela gutxi. Arazoa intxaurrondo birekin ere: negutegitik ekarrita, kimu indartsuenak txertoaren azpitik jaio zaizkie, txertotik gorakoak apenas indarrik dutela, bizirik badaude ere. Arlo horretan belarra eta sasia kontrolatzeko, nahiko lan! Ez dakit zer konponbide egon daitekeen Landamineko arlo honentzat... Urdaibaiko itsasaldean. Ondo izan.
Igeltsuarenak ez du erremediorik, baina arazoa hori dela erabakitzeko, besteak konpondu behar dira. Orkatzak atzeratzeko enborrak eta adar nagusiak baratzuri urarekin edo baratxuriarekin berarekin zuzenean igurtzi. Ez zaie usaina gustatzen eta pakean utziko dituzte. Txertatutako intxaurrondoei buruz, txertuaren azpiko kimuak txikiak direnean kendu behar dira, sortu ahala. Beti, etengabe, alegia. Horiek bizi eta liuzatzen badira, txertuaren goiko aldekoak ez dira sekula haziko. Hortik hasi beraz.
577
Egun on , Jakoba: garai batean indarrez zetorren feijoa hemengo baserriren batean, baina orain isildu da oihartzen hori. Garai hartan, sartu nituen pare bat froga egiteko, esan baitzidaten harra eta emea behar zirela; badira hamar urte. Bat desagertu zen, ez dut gogoan zelan, baina bat badago. Arazoa da ez duela ezer ematen. metro bi izango ditu, argazkian ikus daitekeen bezala. Beste bat ekarri nuen, eta negutegian esan zidaten hermafrodita zela (argazkian landarerik txikiena). Kontua da, ez batak ez besteak ez dutela garaurik ematen. Ez dakit zer deritzozun. Eskerrik asko.
Feijoak aldaera asko dago, batzuek bere burua ernaldu dezakete eta beste batzuek ez. Jakin beharko litzateke zein aldaeratakoak diren zuk dituzunak. Lehen galdera lorerik ematen ote duten da. Loreak zabaldu eta gero fruiturik ez badute ematen arazoa polinizazio falta izan daiteke, hau da polen arra emearengana ez iristea. Adibidez “Robert” edo “Superba” bezalako aldaera batekoak badira beste polinizatzaile bat hearko dute beti. Aldiz, “Apollo” edo “Unique” bezalako aldaeratakoak badira bere burua ernaltzeko gai dira. Hala ere argazkiak ikusten denak gaztea dirudi, fruitua eman ahal izateko heldutasunera iritsi gabea, alegia.
578
Egun on, Jakoba: arakatzarekin arazoak izan ditugu (uva crispa?). Gurasoen sasoian arakatz emankorrak ezagutu ditut hemen Urdaibaiko txoko honetan. Benetan esker oneko zuhamuxka! Saiatu naiz kimuak landatzen, negutegian erosita, baina ez dute ondorio onik izan. Nolako lurra behar dute? Udazkenean aldaskak sar daitezke lurrean? Nolako zaintza? Esker mila.
Arakatza, Ribes uva-crispa, gazteleraz uva espina, landare arantzatsua da. Toki eguzkitsuak maite ditu arakatzak, baina zenbait aldaerek sufritu egiten dute eguzki galdatan. Ugaritzeko aldaxka baino eraginkorragoa da adarrak lurpera eramatea, handik kimu berriak ematean lurpeko tarte horretan sustraiak emango dituzte, ondoren moztu eta landatu. Antzeko lana egin daiteke landarearen ipurdia lurrez estaliz. Urtebete ondoren lurpean egond en zatia sustraiz jantzia izango da, moztu eta landatu. Ongarri zalea da arakatza. Neguan bere inguruko lurra satsarekin edo luarrarekin estali. Fruitu asko badu maiatza aldera beste ongarrialdi bat eman.
579
Egun on, Jakoba: oraingo honetan mizpira-arbolari buruzko argibideen eskean natorkizu. Anderak nahi duela-eta (badakizu), bertoko mizpira bat edo beste jartzeko asmoa daukat, negu honetan. Eskuratzea ere ez da erraza izango. Zuloa egin aurretik, mizpirari zer gustatzen zaion jakitea ere primeran legoke. Dena ez dela hartzea-eta, nire ekarpentxoa egingo dut zuk inoiz aipatzen dituzun ahuakateei buruz. Gure ortuaren ondoan bada bat handi samarra, eta fruituak ederto ematen dituena, hala kopuruan nola neurrian. Balentziatik abuztuan ekarri nituen bi internet bidez, eta oratu dute. Bertoko ahuakatetik, haziak erne zaizkigu eta metro bateko landareak baditugu (4). Ea zerbait ematen duten. Beraz, harrigarria bada ere ahuakateak hemen, hori bai: kostaldean. Ondo izan.
Andrearen hori ez dut ulertzen baina mizpirondoak ez du aparteko baldintzarik ezkatzen. Lurra zenbat eta hobea izan orduan eta hobeto emango dizu. Eskuratzeko ez dut uste arazo handirik izango duzunik. Muintegiren batean galdetu eta ez badute ekarriko dizute. Oraindik garaiz zabiltza. Ahuakateondoak gero eta ugariagoak dira gure lurretan. Itsasaldeko lur epeletan fruitu ederrez jantziak oraintxe ikusten dira. Bejondeiola zureekin andreari.
580
Kaixo, Jakoba: irasagar-ondo ederra zahartuta zeegoela-eta, eperditik moztu nuen. Orain, haren sustraietatik kimuak atera dira, dozena erdi edo. Entzuna daukat eztitzerik ez dutela eskatzen. Hala ere, hainbesteko kimu izateak ere ez dirudi aproposa: orientabideren bat luzatuko zenuke? Eskerrik asko.
Irasagarrondoa eztitu daiteke. Bai irasagarrarekin, beste aldaeraren batekin, edo baita madariarekin ere. Otsaila aldera adarreko txertua eta uztaila-abuztuan begiko txertua eginez. Ez eztitzea erabakiz gero, eperdian sortu diren altsuma horietatik onena edo zuzenena datorrena aukeratu eta besteak moztu. Gero ere sortuko dira berriak, haiek ere kendu.
581
Aupa Jakoba: zer moduz? Zure izkribuak arakatzen ibilita, apur bat harrituta geratzen naiz, ongarri mineralak iragaitzez bezala aipatzen dituzula iruditzen baitzait . Nire uste apalean, gaur egun askorentzat baliabide ezin utzizkoa da ortuko lanetan. Aziendarik apenas dago Urdaibaiko eskualde honetan; bestelako patariak, aldiz, (untxi, oilo, ahate...) ikustea ere zaila da. Horregatik, gainerakoan egiten duzun lan eskerga horretaz gain, eskertuko nuke nik, behinik behin, orientabideren bat edo beste emango bazenu ongarri mineralei buruz: proportzioak, ongaitzak, alternatibak, eta antzekoak. Nire lur sailean ongarrien atala konpontzeke daukat. Hirian bizi garenez gero, konposta egitea ere, ez da horren erraza. Lehengo egunean baserritar jubilatu bati galdetuta, jakin nuen zohikatza (turba) ere erabil litekeela, hazirik ez baitarama berarekin. Simaurrak edo satsak, haren ustez, hazi ugari dakarkiote lurrari. Eskatzen hasiz gero, errautsei eta kareari buruz argibideren bat gehiago ere eskertzekoa litzateke. Ondo izan, eta esker anitz.
Hau diot nire "Bizi Baratzea" liburuan: Ongarri mineralak bi eratakoak izan daitezke: mineral naturalak eta sintetikoak. Izenak esaten duen eran, naturalak naturak berak sortutakoak dira, lurrean bertan topatzen dira. Sintetikoak, aldiz, industriatan sortzen dira. Baratze ahalik eta logikoena egitez gero, ongarri mineralak ahal den gutxien erabiltzea komeni da, baita naturalak ere. Ongarri hauek lurraren oreka dantzan jartzen dute. Batzuk ikaragarrizko kaltea eragiten dute mikroorganismoak makalduz eta lurrari bizia kenduz. Beste batzuk janariak blokeatzea ekar dezakete, eta landareak jaki horiek hartu ezinik izango dira. Era berean lurra okitu daiteke eta pozoituta bezala, erreta gelditu, ezer emateko gai ez dela: erabat antzua. Horrez gain, ongarri naturalak soilik erabiltzea komeni dela diot. Organikoak ahal bada: luarra, satsak, orbelak, etab. Horiek dira kalitatezko elikagaiak sortzeko bide onena. Zohikatza ere erabili daiteke, noski, organikoa da eta naturala, baina arazo larri bat sor dezakezu lurrean: urzale amorratua da eta berari ura falta zaionean, landareen barruan dagoena hartzeko gai da, hauek erabat ihartuz. Errautsak eta kareak aparteko "liburu" bat mereziko lukete. Aipaturiko "Bizi Baratzea"n orriak dira material hauei emanak. Beraz izkribu horretan topatuko ditukelakoan...
582
Aupa Jakoba!! Abonu berdeakiñ aberastu nahi nuke batzea ta sorok... Ze erabiliko nike?
Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana: "Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da. Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..."
583
Noiz hasi naiteke tipula txuria landatzen? Arantza herrian da.
Urte osorako tipula jartzeko jendeak otsaila-martxoa baliatzen du. Hala ere landarea baldin baduzu, jarri orain ere lasai. Eta pixkanaka etorri eta erabili nahi baduzu, hemendik martxora bitarteko ilbehera guztietan jarri pixkanaka-pixkanaka.
584
Gabon Kantak. Aspaldion azelgak pinporta moduko batzuez hondaturik agertzen zaizkigu ( ez ostiralean guztiak, batzuk) Ez dakigu zer arraio ote den, nola konpondu arazoa...
Ez dakit zer esan nahi duzun gabon kantekin, ezta ostiraletakoarekin ere. Argazkiko zerbaren gaitza zerkospora da. Onddo bat da, eta erasoak erakusten duen sintomatologiagatik zerbaren baztanga ere deitzen zaio. Oso ohikoa da zerban bezala bere sendiko erramolatxa arruntean ere. Onddo bat denez, gorrinak edo usteldurak bezala tratatu behar da: azeribuztan edo lapa-belar ura, esnea eta salda bordelesa gehituta.
585
Kaixo, Etxean laranjondo bat dugu eta hostoak orban marroiz estalirik daude. Lizuna edo onddo bat al da? Zer egin dezakegu hau kentzeko? Mila esker
Nire iritziz, laranjondo horrek izurriteren bat du edo izan du. Jeneralean zorria edo kotxinila duten zitriko fruitu rboletan hau gertatzen da: zorriak edo kotxinilak izerdia zurrupatzen du eta horretarako zauriak egiten ditu arbolaren kimuetan eta hostoetan. Zauri horietatik izerdia kanpora ere jariatzen da. Izerdi honetan eta intsektuek uzten dituzten hondakinetan onddoak garatzen dira, gehienetan beltza ("negrilla" deitzen zaio gazteleraz) baina posible da beste edozein onddo ere etorri eta garatzea. Beraz ondo miatu arbola ea intsektuak topatzen dituzuen. Topatu edo ez, tabako urarekin eta xaboi potasikoarekin tratatu. Hiruzpalau tratamentu eman zortzi-hamar eguneko tartearekin, arbola ondo-ondo bustiaz, goi eta behe.
586
Marrubiak jarri nahi ditut nire etxeko balkoian,zer motatako lurra ipini behar diot? Noiz ureztatu? Zenbat argi behar dute? Eskerrik asko aldea aurretik.
Lurra ahal duzun onena jarri behar duzu, harroa gustatzen zaio. Lur beltza, hondar pixka bat eta simaurra edo luarra nahastea da onena. Lurra baratzeren do sororen batetik hartua bada hobe. Marrubiak janari asko eskatzen du, ongarria maiz eman behar zaio. Oinarrizko ongarriketa, gutxi gorabehera 4 kg/m² simaur, hasieran egin, baina urtero errepikatu behar duzu, azaroa aldera. Bestetik, udaren sarreran beste ongarri pixka bat ere gustura hartuko du. Ohar bat, ongarria beti zaharra edo ondo ondutakoa erabili. Ontzia ere garrantzitsua da, ahal duzun handiena jarri. Lehorteak ahuldu egiten du eta ureztaketa garrantzitsua da, inoiz ez dadila lurra erabat lehortu, baina itota ere ez eduki. Lur azala lehortzean eman ura. Eta azpian platerarik ez jarri, lurrak behar ez duen urak alde egin dezan. Argitasuna ere gustatzen zaio, baina toki oso beroetan asko sufritzen du. Kontuz beraz balkoian non jartzen dituzun.
587
Kaixo Jakoba, aurten udazken-neguan ez dut baratzan ezer landatuko, ongarri berdea egin nahi det. Nola, noiz egin behar da? Lurrari buelta eman behar zaio hazia bota baino lehen? Ta karea bota nahi banu ere noiz bota behar det?
Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana: "Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da. Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..." Karea ematearena ongarri moztean egingo nuke.
588
Oso magnolia haundia daukat jardinean, hosto erorkorrak ditu. Gehiegi haunditu da eta podatu nahi nuke. Zein da garaia egokiena? Hendaian bizi naiz.
Pena handia da horrelako loraldia duen zuhaitza inausi beharra. Nik loraldia amaitu arte itxarongo nuke. Neguko soiltasunaren ondoren loretza ikusgarria zabaltzen du, eta ondoren hostajea. Tarte horretan, hostoak irekitzan ari direnean inausiko nuke, izerdiak zauriak ahal den azkarren itxi ditzan.
589
15 urteko pago batzuk ditut eta soiltzeko garairik onena zein den jakin nahi nuke
Pagoak, berez, soildu beharrik ez dago. Lehen mugarrotze inausketa egiten zen helburu jakin batzuekin: ikazkintzarako egurra eskuratzea, ontzigintzarako edo beste helburu zehatz baterako materiala sortzea eta inausketaren ondorengo zuhaitzaren kimuberritzea aziendaren hortzetatik urruti izatea. Berez, ez dago inausi beharrik. Hala ere, inausi nahi badituzu martxoko ilbeheran egin.
590
Kaixo, "Landareak Lantzen" gida-liburua jaso berria dut eta zalantza bat daukat (oraindik), ez dut ulertzen zer den ilzaharra. Agur bat eta eskerrik asko
"Landareak Lantzen" gida-liburuaren azalaren hegalean edo barruko solapan argitzen du. Ilzaharra: ilargi betea ikusten dugunetik txikitzen ari den artean ilzaharra da, Ilargi berria arte. Hau da, ilargi betetik ilargi berrirako tartea, gutxi gorabehera hamabostaldi bat. Ilberriaren alderantzizkoa da. Ilberria handitzen ikusten dugun hamabostaldia da. Euskaraz ilzaharra eta ilondokoa esaten zaio, Ilargi betearen ondorengo fasea adierazten dute biek. Gazteleraz "Luna decreciente" eta frantsesez "lune decroissante" deitzen dute.
591
Kalabaza bat lehortu nahi dut dekoraziorako eta nola eta noiz egin behar dudan jakin nahi dut. Mila esker
Bi eratara lehortzen ikusi izan ditut nik. 1.- Landarean beratn utzi, Hostajea dena ihartu eta erori denean kuiak bertan utzi, kanpoko eguraldiaren menpe. Hotz handiak egiten dituen tokietan baten bat izoztu eta alferrik galdu daiteke, baina orokorrean ondo eusten diote. Azala zaildu eta ondo lehortuta dagoenean jaso. 2.- Landarearen hostoak horitzen direnean behatz baten luzeroaren antzeko txortenarekin moztu. Txortena garrantzitsua da barrua ondo lehortzeko. Toki fresko eta haizea erraz dabilen batean jarro nahi baduzu zintzilik eta nahi baduzu etzanda, Azken honetan, tarteka mugitu, jiratu. Azken era honetara egitez gero ilbeheran eta fruitu egunean egitea komeni da.
592
Kaixo, Jakoba: baserrian betidanik izan dugun sendabelar honen izena jakin nahi genuke.
Nire ustez karatxa-belarra edo eritsitona edo da, Sedum telephium. Sendabelar ezaguna da, batez ere azaleko zauriak sendatzeko erabilia. Hortik dator, itxuraz eritsitona izena; eta karatx-belarra zer esanik ez! Nola erabiltzen dezute zuek?
593
Epa Jakoba! Kalabazak biltzeko egun aproposak zein diren galdetzeko idazten dizut. Hilbeheran esan ote zenuenaren errezeloa daukat baino ez nago zihur. Eskerrikasko!!!!!
Bai, ilbeheran jasotzea komeni da, beldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Aurten fruitu egunak izaki, urriak 15, 16 eta 25 oso onak izango dira. Gogoan izan kuiari txortenaren zati bet berarekin utzi behar zaiola, hortik usteldu ez dadin.
594
Aupa jakoba!! Kiwia aldatu nahi nuke idiazabalen dudan terreno batean.. 375 metrotara kokatua dago, lehen piñua egon zen eta 10 urte badira kendu genduela bertan behorrak dabiltza azken urteotan
Kiwiak neguan hostajea galdu egiten du, eta ezaugarri hau duten landare guztiek bezala negu-neguan landatu behar da. Nahi izatera aurrez zuloak prestatu daitezke, hemendik atzera nahi denean: zuloa egin eta simaurra nahasi lurrari. Kontutan izan beharreko gauza bakarra izotza da. Izotza egin duen egunean edo hurrengo egunetan egiteko arriskua badago landaketa ez egin, sustraiak erretzeko arriskua dago eta.
595
Aurten hainbeste sagar daukagu ta jakin nahi nuke zumoa egin ta konserbatzeko zer egin behar den.
Sagar muztioa kontserbatzeko pasteurizazioa egin behar da. Horrela bertan dauden legamiak, bakterioak eta abar galtzen dira. Muztioa 80°C ingurura pasteurizatzen da. Honek esan nahi du muztio guztia tenperatura horretara eraman behar dela eta gero hermetikoki itxita mantendu edan arte. Nahi baduzu ontzietan sartu eta maria bainuan jarri. Honek "arazo" bat du, ontziaren erdiko muztioa pasteurizatzerako kanpoko aldekoa asko berotuko da, eta muztio freskoaren gustua izan beharrean konpota gustoa hartzen du. Beste aukera bat pasteurizatzailea den makina bat eskuratzea da (erosi edota alokatu ere egiten dira) honek lana errazten du eta pasteurizazioa zorrotzagoa izango da.
596
Iaz erabili ez genituen 550 litroko bi kupelek zoko usaia hartu digute. Eginahalak eginagatik ere ez dugu usaia kentzerik lortu eta ez daude erabiltzeko moduan. Behin egurrean sartutako kutsu hau kentzeko erarik ezagutzen duzu?
Gehiegizko garbitasunaren ondorio da arazo hau. Sagardoa botilaratu denean erabat hustu eta garbitu egiten da ontzia; on beharrez, ahalik eta sakonen garbitu ere: azpiko sagardoaren ama kendu, ontziaren oholetan dagoen lika arrastoa... Ondoren hilabeteetan ontzia hutsik egongo da, zurak kanpotik bezala barrutik ere airea hartzen duelarik. Zura sagardoz blai, beteta, belaki edo esponja bat balitz bezala sagardoz busti-busti eginda egongo da. Sagardo honek airea hartzen duelarik hartzidura mota guztiak egingo ditu: ozpindu eta abar. Era berean zura bera ere usteltzeko bidean jarriko da. Hau ez gertatzeko, sagardoa botilaratzen denean ontziaren azpiko ama eta edariaren proportzio bat bertan utzi behar dira. Ontzia hermetikoki itxita. Honek zura barrutik babestuko du. Behin zurak zoko usain hori hartuta ez da erraza kentzea. Zerorrek ikusi behar duzu zenbaiterainoko lana merezi duten. Onena askatu eta oholak eta tapak marrusketatzea litzateke. Axalean izango dute nabarmenena kutsu hori, eta hau kenduta gero oholak bildu eta ontziaren buelta osatu eta tapak jarri aurretik erre punttu bat eman. Hau dena eginda ere, baliteke kutsuaren arrastoren bat geratzea, hori gero muztioa sagardo egiteko hartzidurak edo irakinak berak kenduko dio. Zur oneko ontziak eta sagardo one egiten dutenak badira lan hori hartzeak mereziko du. Bukatzeko, ontzien tamainaren arabera honela deitu izan dira: 10 litro artekoa barrikotea, 100 eta 600 artekoa barrika, 600 eta 1000 artekoa bukoia eta 1000tik gorakoa upela. Zuen horiek beraz barrikak edo bukoiak lirateke. Animo eta prestatu ontziak, aurtego uztarekin beharko dira eta!
597
Kaixo Jakoba: Asier Altuna naiz, azkoitin eman zenuen hitzaldi batean ezagutu ginen. Galdera bat egin nai nizun. Batatza belar txar honekin josita daukagu. Zer da belar hau? Ba al dago baratzatik kentzeko modurik? Ahal duzunean erantzuterik izango bazenu eskertuko nizuke. Mila esker!
Sabia izango dela uste dut, Amaranthus retroflexus. Agian bere generoko besteren bat, Amaranthus hybridus, adibidez. Ezagutzen ez ditugun lurretan landare hauek txartzat ditugu. Ameriketatik ekarritakoak dira. Jangarriak dira, bai bere hostajea, berria denean eta haziak ere bai. Kentzeko moztu eta moztu. Eta hurrengo ilgoran ere moztu.
598
Ezagutzen duzu har hau? Tomate landare batean zegoen. Zer egin daiteke? Mila esker
Tomatea eta bere familiako landareak gustatzen zaizkio adardun beldarrari. Bere izen zientifikoa Manduca quinquemaculata da. Atzeko aldean duen adar horrengatik hartzen du izena. Hosto, adar, lore, fruitu denetik jaten du, beraz ahal duzun azkarren bildu eta hil. Bestela nahikoa jan duenean lurrera joan eta nagua han igaroko du, gero sits handi bat bihurtuko da eta hurrengo urteko tomateetan arrautzak jarriko ditu eta beldar berriak eta... "Bacilus thuringiensis" deituriko botikarekin tratatu daiteke, baina errazena, hain handiak direnez, landareak ondo miatu eta biltzea da.
599
Hainbatetan aipatu izan duzu tabako ura zorriaren aurkako erremedio onena dela. Nire galdera zera da: zer tabako mota erabil daiteke? pikadura? edozein? beltza ? naturala? Eta naturalaz ari garenez, tabako landaketa galarazita dagoela entzun izan dut, Tabacaleraren monopolioa dela-ta. Posible al da tabako landareak eskuratzea? Non? Mila esker. Eta galdetzea libre denez, azalduko al zenidake nola egiten den xaboi potasikoa?Martin
Edozein tabako erabili daiteke, azken beltzean nikotina da behar duguna intsektuak akabatzeko. Tabakoa lantzea galerazita dago, baina zeuretzako dozena erdi bat landare egiten baduzu ez dut uste inor etorriko zaizunik kontu eske. Hazia beharko zenuke... Landareak eskuratzeko, lehendik lantzen duen baten baten berri izan beharko zenuke. Xaboi potasikoa nola egiten den ez dakit. Badakit xaboi sodikoa baino bihurriagoa dela, baina hortik aurrera batere ez. Agian gure irakurle lagunetakoren batek badaki eta zalantza argitzen digu.
600
Kaixo Jakoba! Azken urteetan tomate landarak oparitan jaso ditugu baina hurrengo urterako hazia gorde eta ereitea gustatuko litzaidake. Hazia gordetzekotan zein tomate aukeratu beharko genuke? lehendabizikoa? garrantzia al du horrek? Mila esker.
Haziaren aukeraketa urteko gairik garrantzitsuena izan daiteke. Zeuk landarea sortu nahi baduzu, hasteko pentsatu zein den zure helburua. Lehenengo heltzen dena, handiena, gorriena, leunena... Horren arabera aukeratu behar duzu zure hazian biltzen dituen fruitua. Garrantzia horretxek du, eren arabera egiten duzun hautaketa. Urtero aurrena heltzen dena aukeratzen baduzu, etorkizunean lehenago helduko den tomate bat izateko aukera izango duzu. Nik aurrena izan beharrean gozoena, ondoen heltzen dena aukeratuko nuke. Baina horixe da gure eskuetan dagoena, zeren araberako hautaketa egitea. Zure esku! Tomate fruitua landarean bertan ondo heltzen utzi, gorri-gorri egiten den arte eta gero haziak atera eta hotzetan eduki. Kanpoan onena, hotza sentitu dezan gero neguaren amaieran, udaberrira begira indarrean ernatzeko.